Izaro – Arriaga Antzokia
Non egongo ote den zoriontasuna…
Pertsonen helburua zoriontasuna bizitzea bada, atzo gutxi edo asko batzuk lortu genuen Arriaga antzokian. Horren «errudun» Izaro izan zen, bai Izaro Andrés-en baita proiektua, bere osotasunean, aurkeztu zuten guztion errua.
Atzo, martxoak 8, emakumeen nazioarteko egunean, Izarok bere bigarren diska «eason» aurkezteko eguna zen. Erraza ez zen data, eta goizean sare-sozialetan idatzitako gutun batean, hala onartu zuen. Kontzertua aurrera eramatea edo ez, hori zen zalantza. Eta zelako zalantza. Baina urte bat baino gehiagoko lana ezin zen bertan behera geratu behar. Bai Izarok (proiektu bezala), bai aurrera eraman duten emakume guztiak merezi zuten. Eta horrela izan zen.
«bilbon»
Minutu gutxi pasa ziren 20h-etatik, eta Arriaga antzokiko ahotsak mugikorrak amatatzea eskatu zuen. Ekitaldia hastera zihoan. Oholtzan dena prestatuta, baita ikusgarri diren piano horretako bat. Izaroren mikroa lokarri more bategaz estalduta. Arriaga antzokia, guztiz beteta, Izaroren zain zegoen, eta agertu bezain laster, lehenengo txalo zaparrada. Iker Lauroba pianoan, Julen Barandiaran (Txiki) baxuan, Oriol Flores baterian eta Garazi Esnaola kitarra akustikoan, «Delirios» kantari hasiera eman zioten. Izaroren ahotsak, lehenengo momentutan, instrumentuen behean zegoen, bere lotsaren azpian. Ikusleei ia begiratu gabe, animatu zen kanta aurrera joan ahala eta «falseteak» gainditu zituen. Lehenengo kanta nota onarekin amaitu zuen, ez zen erraza halako plazan horrelako kantarekin hastea.
Garaziren eta Ikerren leku aldaketak eta gero, Izarok entzuleak agurtu eta «De Más» entzun genuen. Etxe bat sortzetik, bizitza bat eraikitzera pasa da Izarok, bi urtetan, oso arin, bere gora-beherekin, baina beti benetan egindako gauzekin. Atzo bueltan jaso zuen hori dena.
Hirugarren abestia, arimatik irtenda, «Donostia» izan zen, bere hartze hiria, non musikalki garatu den eta nori zuzendu dion bigarren diska hau. Hala ere, Bilbon aurkeztuta. Ondo aukeratutako tokia!
«Neguprenoa»n Laurobak bere kitarra jotzeko maisutasuna erakutsi zuen, non publikoaren txaloak agertu ziren. Hurrengoan, «Devil»en, Izarok bakarrik hasi zuen, Txikiren notak jarraituz, beste hirurak sartu baino lehen. Amaiera, berriro, Izaro eta Txikiren eskutik.
«Eskaleok», «Hankapuntetan I» (2017) EP-koa, pisukide bati dedikatuta. Oholtzan Izarok bera ahotsean eta Iker kitarran. Benetan hunkigarria. Kontzertuko momentuetariko bat. «Zuri Begira» hasi baino lehen, merkatu batean merke erositako Garazi aurkeztu zuen, piano klasikoan eta teklatuetan zebilen emakume hori. Xabi Zeberio, bibolinan, sartu zen, Txiki kitarra hartu zuen eta Oriolek kanpaiak. Denak hurbil, haiei begira. Izarok ukelelearekin.
Egunero eskatu beharra
Zortzigarren kanta entzuteko momentua zen. Martxoak 8 zen, eta kontzertua baino lehen sortutako eztabaidarekin amaitzeko, Izaroren aldarrikapenerako unea zen. Taldekideak jotzen, emakumeen garrantzia goraipatu zuen, baita Izaro proiektua aurrera eramateko atzean dauden emakumeena. Bai Izarok, Garazik, argi-teknikaria, bere amama eta parte hartu zuten hainbat. «Er(h)ori» hasi baino lehen, arrakasta lortu duten emakumeetaz gogoratu zen, «a pesar de los abusos». Erantzun bikaina Arriaga antzokian zeudenen artean, denok altzatuta, txaloka. M8-tik kanpo ere, emakumeen eta gizonen eguna izan behar.
«Zangalatraba», aurreko diskaren lehena izan zena, Leire Letu-rekin batera abestu zuen. Kantari Ikerrek eman zion hasiera (eskape txiki bat ere) non bi emakumeen arteko ahots estilo aldea nabaria zen, nahiz eta Leire-rena pixkat baxu entzun.
Izaroren lotsa desagertu ahala, publikoarekin harremanak hasi ziren. «Tu Escala De Grises» kantarako Arriaga antzokiaren laguntza eskatu zuen. Hasiera, Garazik pianoan eta berak ahotsan eman zioten, eta erritmo aldaketa ondoren, ikusleen parte-hartzea hasi zen. Oriolen eta Izaroren ametsa bete zuen Arriaga antzokia.
«Om»-eko (2016) kantekin jarraitzeko, «Eider» kutun hasi zen, «epiko» moduan amaitzeko, Izaroren ahots guztia erakutsita. Hurrengoa, «Errefuxiatuena», berriro ere aldarrikatuz. Honetan, Mikel Urdangarinek agertu zen oholtzan, eta Izaro proiektua goraipatu eta gero, bi artistak zuzenean entzuteko momentu berezia.
Izarok bere taldekideak aurkeztu eta agur esan zuten «Zure Ezpainen Itsasoa», Bermeoko kantina batean sortutako kantarekin. Baina ez zen izan agurra, noski. Beraien etxea eraiki zuten «Koilarak» kantarekin (oholtzan bazeuden limoiak eta koilarak). Bukatzeko, «La Felicidad», «eason» diskaren azkena, soinu «rumbero»-ekin, ikusleen txalo artean, Izaro-antzerkigilearekin eta Txikiren «olé» batekin. Abesti eta une alaiak.
Ordu t’erdi eskaseko kontzertua, Lauroba taldearen agur-kantarekin amaitu zena, non Izaroren zoriontasuna aurkitu genuean eta zergaitik ez, ikusle askorena ere.
Testua: David Pereda.
Argazkiak: Dave Blanco.